2009-05-17

Publizitatearen mugak

Los límites de la publicidad artikulua irakurri eta gero, hurrengo galderei erantzuna ematen saiatuko naiz:

  • Zergatik da kaltegarria iragarki bati egindako salaketa, salaketa horrek funtsik ez duenean ere?

Printzipioz iragarleak izango duen kalte printzipala nolabait esteko, edo lehendabizi nabarituko duena, salaketaren emaitza bere kontra eginez gero bere publizitatea eteteko aukera dagoela, eta bertan inbertitutako diru guztia galtzeaz gain, harekin espero zituen helburuak ez dituela lortuko. Gainera, batzutan isun bat ere jasoko du iragarleak.

Emaitza bere kontrakoa izanik ere, etete akzio aplikatu beharrean, iragarkia zuzentzeko aukera ematen da batzutan. Aurrekoa baino hobeagoa iden arren iragarlearentzat, diru mordoa gastatu beharko du berriro.


Beste alde batetik, salaketaren emaitza iragarlearen aldekoa izan arren markaren irudian kalte handia egingo du, eta emaitza bere kontrakoa bada, are gehiago. Baliteke epaileak salaketa funtsik gabekoa dela esatea, eta iragarleak berme ekonomiko bat jasotzea, baina ezer gutxi jada galdu duenarekin konparatuz (prozesuaren bitartean iragarkia gelditu izan beharra, eta irudiarekiko kalteak).


Gainera esfortzu handia egin dituzten publizitarioen lana porrotera joango da. Horregatik hurrengo batean ez dira hainbeste arriskatuko publizitate sinple eta seguraski sosoago bat eginez.


  • Publizitatean murrizten dena, beste edukietan onartuta dago, sexua eta biolentzia kasu. Zer dela eta diskriminazio hau? Orokorrean, zergatik da legea zorrotzago publizitatearekin?

Pentsatzen dut hau gertatzen dela publizitatean zeozer konkretu saldu nahi delako, eta hori egiteko biolentzia edo sexua erabiltzea ez ohi da bidezkoa.

Hala ere, nire ustez gehiegikeria ematen da askotan publizitatearen kontrolekin. Gehiegi eskatzen zaie publizitate agentziei, haien lanarekin gertatzen dena islatzea soilik nahi dutenean. Bai zinean, bai gizarte beran askoz biolentzia eta sexu gehiago dago, beraz, zergatik ezkutatu publizitatean? Arazo hauek konpontzeko bidea gizartearen hezkuntzan dago, eta ez publizitatean; eta horiek konpontzeko ezer egiten ez duenean, ezin zaio jada gizartean erroturik dagoen arazo baten errua egotzi.

Egia da publizitateak lagundu dezakeela zenbaitetan gizartearen hainbat problematiken aurreko borrokan (estereotipoen erabilera saihesten...), baina ezinezkoa da ekimen hau bakarrik burutzea. Baliteke publizitatea gizartearen ispilu bat izateaz gain, gizarteak ispilu horretan bertan begiratzea, baina hain zuzen ere horrexegatik elkarrekin gainditu beharko dituzte arazoak, eta ez publizitatea bere kabuz gero gizartea guztiz kontrakoa bada.

Gizarteak gehien ikusten dituen pelikulak pornoak dira, eta jarraian goreak. Baina publizitatean ezin dira ez bata ez bestearen eszenak erakutsi mingarriak izan daitezkeelako (oso ondo justifikatuak ez badira). Honek argi uzten du ez dagoela inolako koherentziarik mugak jartzearen esparru honetan.

Bestalde, telebistako serieetan adibidez, biolentzia edota sexuaren erabilpenak ez dutela ezer zehatzik saldu nahi esaten dutenekin ez nago bat ere ados, begi bistan dago audientzia gehiago eskuratu nahi dutela gehien saltzen duen hori erakutsiz. Nik ondo deritzot eszena horiek agertzea, baina ezin dena da sentsurik gabeko justifikazio bat eman, publizitatean egiten den mugaketarekin bat etortzeko.

  • Egileak dioenez, iragartzea debekatuta dagoen hori saldu daiteke. Nola ulertzen duzu paradoxa hau?

Aurrerago esan bezala, publizitateak bera bakarrik ez ditu munduko arazo guztiak konpondu.ko Honekin esan nahi dut, haurrek telebistako iragarkietan tabako edo alkoholaren publizitaterik ez ikusi arren, ez dela ezer lortuko egunero euren gurasoak kopatxo bat hartzen, tabakoa erretzen... ikusten baldin badute.


Ezin da istripu latzik erakutsi publizitatean, baina haurrek teleberria ikustera ohitu behar dira (jotzen duenak jotzen duela). Tabakoaren publizitatea telebistan debekatuta dago, baina eguneroko serieetan agertzen dira protagonistak erretzen. Eta horrela hamaika gauza.


Beraz, nire ustez ez du inolako zentzurik publizitatearekin hain zorrotza izatea, gizarteak bere aldetik ezer jartzen ez duenean.


Gustatuko litzaidake jakitea, ea publizitatean egin diren murrizketen ondoren, arazoa zein neurritan konpondu den. Hau da, spotetan tabakorik agertzen ez denetik, tabakoa gutxiago kontsumitzen al da? Zer lortu da zehazki sexu eszenak publizitatetik ezabatzearekin? Eta egiten ote al dira horrelako ikerketak haien metodoa (debekuak soilik publizitatearentzat) emaitzarik lortzen ari den ala ez jakiteko?


Alkohola (20ºtik gorakoa) eta tabakoaren kasuetan, telebistan iragartzea debekaturik dago, eta alde batetik bere logika du telebista oso medio masiboa delako, eta bi produktu hauek osasunerako txarrak direlako. Baina gero eta adingabeko gehiago dira tabako eta alkohol kontsumitzaileak, beraz, publizitatean debekatzeaz gain, beste neurri batzuk hartu beharko dituzte kopuru hori jaitsi nahi izanez gero.

  • Zeintzuk dira auto-erregulazioaren abantailak iragarleentzat?

Abantaila nagusia: publizitate kanpaina hedatu osteko istiluak (salaketak, etete akzioak...) ekiditea. Modu horretan, lehenengo galderan aipatutako arazo guztiak saihesteko aukera gehiago izango dituzte, plazaratu aurretik kanpaina filtro batetik pasatu delako.

  • Publizitatearen profesionala (izango) zarenez gero, non kokatzen duzu zeure burua? Protekzionismo osoaren muturrean (publizitate guztia estatuak erregulatuta) edo askatasun osoaren muturrean? Aldatuko zenuke iritziz hiritar sinplearen ikuspuntuan jarrita?

Publizitate (etorkizuneko) profesional bezala eta hiritar bezala, iritzi bakarra daukat gai honi buruz. Muturrak ez zaizkidanez inoiz gustatu, erdian jarriko nuke neure burua, hau da, orain dagoena baino askatasun gehiago nahiago nuke, baina ez askatasun osoa.


Lehenago esan dudanarekin jarraituz, ezin zaio publizitateari debekatu gainontzeko sektoreek patxadaz egin dezaketen guzti hori. Publizitateen legeekin lortu nahi den hori beste arloetara hedatu behar da ere eragina izateko. Bestela, inolako emaitzarik ez badu, publizitateari ezertarako debekatzen ari zaio.


Hala ere, ez naiz muga guztiak ezabatzearen aldekoa, ez baitut uste gizartea hain aurreratua denik, inolako mugarik gabe bizi ahal izateko eta bizitzen jakiteko. Eta berdin publizitate munduan: ez dut uste iragarle (edota publizitario) guzti-guztiek gai direnik mugarik gabeko mundu batean inor mindu gabe lanik egitea. Oxala!

No hay comentarios:

Publicar un comentario